"Eskatu ogia euskaraz!" kanpainarekin hilabeteko ogia doan

Or, 2013-10-11 14:52

Eskualdeko 42 okindegik hartu dute parte ekimen honetan; Errenteriako 12k, Lezoko 9k, Oiartzungo 9k eta Pasaiako 12k

Oarsoaldeko Euskara Batzordeak, eskualdeko lau euskara zerbitzuen bidez, hilabeteko ogia zozkatuko du “Eskatu ogia euskaraz!” ekimenean parte hartzen ari diren okindegi guztietan.

Urriaren 14tik aurrera okindegietan euskaraz eskatzen duten bezeroei boletotxo bat emango die dendako saltzaileak. Boleto horiek bete eta bertan egongo diren kutxatxoetan sartu beharko dira. Azaroaren 4an, okindegi bakoitzean boleto irabazle bat aterako da kutxatik, eta hilabeteko ogia izango du doan okindegi horretan boletoaren jabeak.

Eskualdeko 42 okindegik hartu dute parte ekimen honetan; Errenteriako 12k, Lezoko 9k, Oiartzungo 9k eta Pasaiako 12k.

Ekimen hau eta udaberrian ogien izenak euskaraz azaltzen dituen panela banatuz egin zena, aurten okindegi-gozotegietan euskararen presentzia eta erabilera handitzeko helburuarekin egiten ari diren ekintza-sortaren barnean kokatzen da. Dakizuen moduan urtero gremio bat hautatzen du Oarsoaldeko Euskara Batzordeak bertan eragiteko.

Oraindik parte hartu nahiko lukeen baten bat balego, bere herriko udal euskara zerbitzura jo besterik ez du.