Euskararen erabilera igo egin da

Ar, 2013-05-07 08:41

Azterketaren arabera % 41,8k erabiltzen du euskera

Gaur arratsaldeko 19:00etan Soziolinguistika klusterrak 2012ko azaroan egindako kale erabileraren neurketaren emaitzen berri eman du Lezoko Udalean. 1989. urtean egin zen lehenengo aldiz lezoarren euskararen kale erabileraren neurketa, ordutik beste sei egin dira, gaur azaldutakoa barne hartuta.

Lezon euskararen erabilera ia puntu bat igo da azken hamabi urtetan. 2000. urtean % 33k erabiltzen zuten, eta 2012. urtean % 41,8k erabiltzen du. Euskara gehien erabiltzen den zonaldeak Erdigunea (% 47,6) eta Urdaburu (% 44,3) dira. Gutxiago erabiltzen da Lazon/Pildan (% 35,5) eta Zubitxo/E. Salaberria (% 32,3) eremuetan.

Adinaren arabera egindako neurketa aintzat hartuz, euskara gehien erabiltzen dutenak haurrak dira (% 57), gazteak bigarren (% 46,6), helduak ondoren (% 39,8), eta gutxien erabiltzen dutenak adinekoak (% 21,2). Dena den, eta orokorrean hartuta, hizkuntzaren erabileraren bilakaera goranzkoa da azken hamabi urtetan.

Nabarmentzekoa da haurren eta gazteen kasuan zenbat igo den erabilera: haurrena % 45,3tik % 57ra igo da, eta gazteena % 32,9tik % 46,6ra. Azken hauen kasua, gazteena, azpimarragarria da. Izan ere, 2000. urtean % 32,9ko indizeak beherazko joera izan zuen 2004an (% 19,8) eta 2008an (% 13). Orduz geroztik izan duen bilakaera txalogarria da, eta azken neurketa honetan bataz bestekotik (% 41,8) pasa da.

Soziolinguistika Klusterreko kideek adierazi dutenez,”neurketak, besteak beste, adin-talde bakoitzak kalean euskara zenbat erabiltzen duen esaten digu, eta horrek erraztu egiten digu ondoren lehentasunak non dauden erabiltzea. Gainera, kale-erabileraren neurketa maiztasun batekin eginez gero, urtetik urtera gertatzen den bilakaera ezagutu ahal izango dugu, eta modu horretan herrian izaten diren hitzkuntza-aldaketak gertutik jarraitu”.

Jasotako informazioa lezoarrena baino, Lezoko kaleetan jasotakoa dela azpimarratu nahi izan dute, “kale-erabileraren neurketa egitean neurtzen ditugun hiztunak ez dira beti berdinak, eta ezin dugu aurreikusi kalean noiz norekin topo egingo dugun”.

Arloa edo saila