Udalak eta AEK-k hitzarmena berritu dute

Al, 2014-09-22 12:15

Udalak diruz lagunduko du euskaltegiaren jarduna eta lokala utziko du; Oroitzene euskaltegiak, berriz, ohiko eskaintza eskainiko du

Mikel Arruti Udaleko Euskara eta Kultura zinegotziak eta Edurne Lizarazu Lezoko Oroitzene AEK euskaltegiko zuzendariak bi erakundeen arteko hitzarmena berritu dute gaur goizean udaletxeko bilkura aretoan. Beste urtebetez luzatuko da, eta bi aldeak pozik agertu dira hitzarmenarekin.

Aspaldikoa da Lezoko Udalaren eta Oroitzene AEK euskaltegiaren lankidetza. 1991 urtean sinatu zuten lehena, eta orduz geroztik, urtero-urtero berritu dute. Aurtengoa bost urterako da, baina urtero-urtero berritzen joango direna Lezoko helduen euskalduntzean eragiteko asmoz, “Lezon helduak alfabetatzeko eta euskalduntzeko baliabideak behar-beharrezkoak dira etorkizuneko Lezo euskalduna ezagutu nahi badugu. Eta hutsune hori Oroitzene euskaltegiak betetzen du”, azaldu du Mikel Arruti zinegotziak hitzarmena sinatu berritan.

Veronica Muñoz Udaleko hizkuntza dinamizatzaileak bi erakundeen arteko hitzarmenaren erronka nagusiak azaldu ditu:

  • Euskararen ondorengotaratzea bermatzea, batez ere familia bideko transmisioari eutsiz.
  • Euskararen ohiko erabilera eremuak sendotzea eta segurtatzea: aisialdia, kirola, irakaskuntza ez arautua…
  • Euskararentzat eremu berriak irabaztea eta erabilera areagotzea, beti ere ohiko eremuak mantenduz.
  • Euskararentzat hiztun gaituak irabaztea.
  • Lezora iritsitako etorri berriei integrazio aukerak eskaintzea euskara tresna gisa erabiliz.

Konpromisoak

Erronka horiek betetzea da hitzarmenaren xedea, eta horretarako, Lezoko Udalak diruz lagunduko du Oroitzene AEK euskaltegiaren jarduna. Era berean, Donibane kaleko 12. zenbakian dagoen eta bere jabetzakoa den lokala utziko dio euskaltegiari.

Oroitzene euskategiak, bere aldetik, ikastaro hauek emateko konpromisoa berresten duela jakinarazi du Edurne Lizarazu Oroitzene AEK euskaltegiko zuzendariak.

  • Euskalduntzearen maila guztiak: A1, A2, B1, B2, C1 eta C2.
  • Titulu ofizialen azterketak prestatzeko ikastaroak.
  • Lezo euskalduntzeko estrategikotzat jotzen diren taldeei begirako ikastaroak: merkatariak, gurasoak, begiraleak, etorri berriak…
  • Euskararen erabilera erregistro eta egokiera guztietan normalizatzera zuzendutako ikastaroak: hitano ikastaroak, ahozko komunikazioa lantzeari begirakoak, testugintza…
  • Auto-ikaskuntza ikastaroak.
  • Eta oro har, eskaeraren arabera moldatutako ikastaroak.

Jarraian, 2014-2015 ikasturterako matrikulazio kanpaina zabalik dagoela eta ikasturtea urriaren 1ean hasiko dela gogorarazi du. Era berean, aipatu ikastaroetan izena emateko euskaltegira –Donibane kalea, 12– joan behar dela jakinarazi du. Informazio gehiagorako, berriz, 943 519144 telefonora dei daiteke.

Euskaltegiko zuzendariak emandako datuen arabera, ikastaroak goizez (9:00etatik 11:00etara), eguerdian (14:00etatik 16:00etara) edo arratsaldeaz  (17:00etatik 19:00etara) jaso daitezke.

Amaitzeko, gogorarazi du 12 urte edo gutxiago dituzten haurren gurasoen matrikulaziorako diru-laguntzak bideratuko direla, “eurentzat matrikularen kostua 150 eurotakoa izango da. Hori bai, asistentzia behar bezalakoa ez bada laguntzarik gabe geratuko dira datozen hiru ikasturteetan”. 

Arloa edo saila