Barazki eta fruta errezeta lehiaketa

Og, 2014-09-25 09:35

Merkataritza euskalduntzeko ekimenaren baitan antolatu da eta hiru lagunek 50 euroko erosketa-txartela eskuratuko dute

Oarsoaldea eskualdeko lau udalek (Lezo, Errenteria, Oiartzun eta Pasaia), Oarsoaldeko Euskara Zerbitzuaren koordinaziopean, merkataritza eta ostalaritza alorretan euskararen presentzia areagotzeko kanpainaren baitan Barazki eta fruta errezeta lehiaketa 2014 antolatu du.

Errezetak aurkezteko epea urriaren 22an amaitzen da, eta lezoarrek Maribel janari-dendan, Arruti ahizpak-en, Aitor fruta-dendan edo Zubitxon utzi beharko dituzte bere errezetak –parte-hartzaile bakoitzak nahi adina errezeta aurkez ditzake–.

Aurkeztutako errezeta guztien artean, hiru onenak sarituko dira 50 euroko erosketa-txartel banarekin. Sariak azaro hasieran emango dira.

Oinarriak
Parte-hartzaileek lau lagunentzako errezeta aurkeztu beharko dute, eta osagai nagusiak barazki eta fruta dendetan saltzen diren produktuak izango dira. Sasoian sasoikoa kontsumitu aldera, Oarsoaldeko herri bakoitzari sasoi bat egokitu zaio; Lezori, negua –errezetako produktu nagusiak urte-sasoi horretakoak izan behar dute–.

Lezori dagozkion produktuak hauek dira: apioa, aza, aza gorria, azalorea, brokolia, bruselako azak, eskarola, porrua, romaneskua, tipulina, anana, banana, hurrak, intxaurrak, kiwia, laranja, mandarina, mangoa, sagarra eta udarea.

Errezeta bakoitzak gutxienez bi atal hauek izan beharko ditu ontzat hartzeko: osagaien zerrenda eta platera egiteko jarraibideak. Errezetak euskaraz eta letra garbian idatzita aurkeztu behar dira.

Errezetak, egilearen izen-abizenak eta kontakturako telefonoa gainean idatzita dituen gutunazal batean sartuta aurkeztu behar dira. Errezetan ez da izen-abizenik, ez bestelako daturik idatzi behar.


 

Arloa edo saila