125 €ko balioa duen erosketa saskia

Al, 2014-10-20 09:10

Lezoarrak tabernako, Sagar Zulo jatetxeko, Ximak ile-apaindegiko eta Zubitxo janari-dendako bezeroen artean zozketatuko da

Zorionekoak Lezoarrak tabernan, Sagar Zulo jatetxean, Ximak ile-apaindegian eta Zubitxo janari-dendan euskaraz kontsumitzen duten bezeroak. Udalak, Merkataritza euskalduntzeko planaren barruan, 125 €ko balioa duen saria zozketatuko baitu euren artean.

Egitekoa oso erraza da: komertzio horietan euskaraz jardutea eta norbere datuekin txartela bete eta dagokion kutxan uztea. Eta noski, zozketan zorte apur bat izatea. Txartelak betetzeko bi denbora tarte izango dira. Zubitxon eta Ximak-en, gaurtik hasi eta urriaren 31ra arteko epea izango da txartelak uzteko. Sagar-Zulon eta Lezoarrak-en, aldiz, epea bestelakoa da: azaroaren 3tik 14ra artekoa.

Lau komertzio horietako ordezkariak Udalako Euskara sailak joan den ikasturtean antolatu zuen herriko merkatarientzako ikastaroan aritu ziren, eta sari gisa, Udalak abiatu duen ekimenean parte hartuko dute.

Merkatariekin egiten den ikastaroaren helburua da egunerokoan bezeroekin izaten den gutxieneko komunikazioa euskaraz egin ahal izateko baliabideak eskaintzea da. Arduradunek aurreratu dutenez, ikasturte honetan ekimenarekin jarraitu nahi dute, baina oraindik ez dute zehaztu noiz hasiko duten ikastaroa.

Arloa edo saila