Kuadrillategi, inoiz baino talde gehiagorekin

Ar, 2014-10-28 08:14

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 110 gaztek parte hartzen dute ekimenean

Kuadrillategi egitasmoak urriaren 3an abiatu zuen 2014/15 ikasturtea, Gezala auditorioan egindako aurkezpen ekitaldiarekin. Bertan izan ziren arduradunak, eta bertan izan ziren 12 eta 16 urte bitarteko gazteak.

Aurten, gainera, inoiz baino talde gehiago dira. Orain arte, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1, 2. eta 3. mailako taldeek parte hartu izan dute, eta ikasturte honetan, lehen aldiz, DBHko 4. mailako taldea osatu da. Guztira, 110 neska-mutilek eman dute izena.

Kuadrillategiko gazteak astean behin elkartzen dira, ostiraletan, Herri Eskolan eta Oroitzane AEKn. Oraindik ez dute guztiz zehaztu ikasturteko programazioa, “gazteen iritzi eta nahiekin osatu nahi baitugu” azaldu dute arduradunek. Hala ere, aurreratu dute udaberrian Kuadrillategi Eguna ospatuko dutela beste herrietako gazteekin batera, asteburu pasak egingo dituztela eta herrian antolatzen diren ekintza ezberdinetan parte hartuko dutela.
 

Arloa edo saila