Biodibertsitatea hobetzeko lanetan

Og, 2011-10-13 14:25

Lezoko Udala ingurumena hobetzeko lanak egiten ari da herriko zenbait tokitan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza  Sailak emandako bi diru-laguntzen bidez,. Hain zuzen ere, Altamiragain parkean, Bakarraiztegiko erreka eta zuhaiztian, eta Jaizkibel mendian.

Oro har, bi diru-laguntzen zenbatekoa guztira 65.944,50 eurokoa da, eta hobekuntza-lan gehienak urrian bertan amaituko dira.

Izan ere, Udalak herri-lurrak hobetu nahi ditu, bai Jaizkibel barruan bai natura-gune handi horri lotuta dauden lurraldeko beste leku batzuetan. Hortaz, 2008ko uztailean Udalak onartu egin zuen “Jaizkibel Onura Publikoko Mendiaren lursailak, udal titulartasuna dutenak, kudeatzeko helburuei buruzko udal hitzarmena” etaForu Aldundiari jakinarazi zion, berak kudeatzen baitu natura-gunea. Hitzarmen horren bidez, kontserbatu eta leheneratu nahi dira Jaizkibel Garrantzi Komunitarioko Lekuaren garrantzi komunitarioko habitatak eta landaretza autoktonoa. Horrez gain, Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriak Jaizkibel-Aiako Harria korridore ekologikoa mugatu eta korridore hori udalerriaren hegoalderantz zabaltzen du, tokiko korridore bat sortzeko. Era berean, Plan Orokorraren bidez, gune babestuak mugatu dira, hala nola Bakarraiztegi zuhaiztia.   

Lan gehienak Jaizkibel–Aiako Harria korridore ekologikoko biodibertsitatea eta tokiko loturak hobetzeko proiektukoak dira. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzak %100ean diruz lagundutakoa da eta 51.231,00 euroko kostua du. Hauek dira egindako lanak: 

  • Altamiragain: Landare inbaditzaileak kendu dira Altamiragain parkean, eta 440 zuhaitz eta zuhaixka (gorostia, erramua, elorria…) landatu dira eremua basotzeko eta fauna erakartzeko. Era berean, Reynoutria japonica edo banbu japoniarra kentzen ari dira. Landare hori asko zabaltzen ari da Gipuzkoan barrena eta jada iritsi da Oarsoaldeara. Horrez gain, parke horretan, 100 metro linea elektriko lurperatu dira, 40 zuhaitz inguru  babesteko. Linea hori lurperatzeko lanak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren 14.713,50 euroko diru-laguntzari eta Iberdrolaren laguntzari esker egin dira.
  • Bakarraiztegi: Hondakinak bildu, zuhaitzak landatu (60 zuhaitz, hala nola haritzak eta lizarrak) eta landare inbaditzaileak (panpa-lezka, etab.) kendu dira 1,5 hektareako lursail batean, Ipintza industrialdearen eta Bakarraiztegi errekaren artean. Udal planeamenduak babestutako haltzadi eder bat egon arren, zabor pila bat zegoen bertan. Horiek horrela, 3.680 kilo hondakin jaso dira, eta hesi bat eta seinaleak jarri dira hondakinik ez botatzeko. Dena den, industrigunearen bazterra eta erreka leheneratzeko ahaleginak egin beharko dira oraindik ere. Hori dela-eta, proiektuaz gain, Udalak beste ekimen batzuk abiatu ditu jada (isuri industrialei buruzko ebazpena eman du, industrialdeko enpresekin harremanetan jarri da,…).
  • Jaizkibel. Udala hainbat lan egiten ari da Kredoarrin –lehenengo dorrearen eta Donejakue bidearen artean– baso autoktonoa leheneratzeko eta urmael bat sortzeko. Ameztia (Quercus pyrenaica) –garai batean Jaizkibel osoa estaltzen zuen haritza– leheneratu nahi du; beste hainbat espezie interesgarri aurki daitezke bertan, artelatza adibidez. Horretarako, eta baso autoktonoaren garapena errazteko, pinudiaren zati handi bat moztuko da. Era berean, ur-gune gutxi dituen eremua dela kontuan hartuta, euri ura jasotzen duen hezegune txiki bat egin du pistaren ondoan, anfibioentzat, intsektuentzat eta beste espezie batzuentzat. 18 hektarea leheneratzeko zeregin horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere parte hartu du.

Horrez gain, herritarrak sentsibilizatzeko asmoz, Udalak argibide-taulak jarriko ditu, besteak beste, Altamiragainen eta Auñamendin, informazioa eskainiko du udal web orrian, eskola bisitaldiak antolatuko ditu eta ekintzen berri emango du Kultur Aretoan.

Proiektu horiek burutu ondoren, Lezoko Udalak, ahal duen neurrian, udal ondare naturala kontserbatzen eta leheneratzen jarraituko du, arriskuan baitago eta pertsonen bizi-kalitatea eta jarduera ekonomikoen kalitatea bermatzeko behar-beharrezkoa baita. Eta hori guztia lortzeko, jakina, ezinbestekoa da lezoarren eta gure herrian lan egiten dutenen laguntza.

Arloa edo saila