Hizkuntza gaitasuna eta bilakaera herrian

4.1 Lezoko ezagutza (01)

Lezoko hizkuntza ezagutza (2001eko datuetan oinarriturik) hiru kategoria nagusietan banatu dugu: euskaldunak, ia euskaldunak, eta erdaldunak. Ondorengo hiru diagrametan herriko ezagutza eta kategoria biren (euskaldun eta ia euskaldunen) barne-eraketa biltzen dira (Kategoria hauek erroldako galdesortan euskararen jakite-mailari buruz egiten diren lau galderei (ulertzen duzu?, hitz egiten duzu?, irakurtzen duzu?, eta idazten duzu?) erantzuteko aukeran jartzen diren hiru erantzunen konbinaketa bidez lortu dira)

Lezoko euskaldunak: Lezoko euskaldunetan, gehiengoa, % 83, alfabetatuak dira. Lezoko euskaldunetan, erdizka alfabetatuak % 13,5 dira, eta % 3,5 besterik ez alfabetatugabeak.

Lezoko ia euskaldunak: Ia euskaldunen kategorian, aitzitik, alfabetatuak dira gehiengoa (%48). Euskaldun alfabetatugabeek, %26 osatzen dute, eta pasiboek beste % 26.


4.2 Ezagutzaren bilakaera

Hizkuntza ezagutzaren eboluzioa ezagutze aldera, 1986tik 2001era bitarteko hiru hiztun tipologien ezagutza-bilakaera duzue ondorengo diagraman:

Oro har, Lezoko euskaldunen ezagutza mailaren bilakaera positiboa izan da hamabost urte hauetan: euskaldunek ia 10 puntuan egin dute gora. Bilakaeraren erritmoa nahiko konstantea izan da gainera, baina dena den, azken urteetan erritmoak zertxobait mantsotzera egin du.

Ia euskaldunetan, bilakaerak gorabehera batzuk izan dituen arren, oro har, positiboa izan da bilakaera; hamabost urteren buruan 3,2 puntuan egin dute gora hauek. Esan bezala, bilakaerak gorabeherak izan ditu ia euskaldunen kasuan. 1991tik 1996ra beherakada nabaritu zen; ondorengo urteetan, ordea, beherakada hori eten, eta berriro igo egin da ia euskaldunen kopurua.

Erdaldunek, berriz, behera egin dute hamabost urteren buruan: 13 puntuan jaitsi dira Lezoko erdal hiztunak. Erdal hizkuntza komunitatean, 1986tik 1991ra beherakada nabarmena gertatu zen (8 puntuko jaitsiera); ondorengo bosturtekoan gorantz egin zuten erdal hiztunek, baina 1996tik 2001erako bosturtekoan, bilakaerak beheranzko joera izan du, 7 puntuan jaitsiz erdal hiztunen kopurua.

4.3 Adin taldekako ezagutzaren bilakaera

EAEn, gaur egun gaztelania nagusi den arren, duela 20 urte hartutako neurriei esker, euskararen etengabeko galera gelditu ez ezik, euskara berreskuratzen ere hasi da, batez ere hezkuntza-sistemari esker. Berreskurapen horretaz jabetzeko, hizkuntza gaitasunaren bilakaera adinaren arabera aztertzea baino ez dago..

Lezon, ezagutzaren bilakaerarik positiboena jasan duten adin taldeak haurrena eta gazteena izan dira; horrela, ezagutzari dagokionez haurrek 41 puntuko igoera izan dute, eta gazteek 28 puntuan hobetu dute hizkuntza gaitasuna hamabost urteren buruan. Haurrengan, hazkundea modu jarraian gertatu da 1986tik 1996ra: 1986tik 1991ra zein 1991tik 1996ra 16-17 puntu inguruko igoera gertatu da ezagutzan. Azken bosturtekoan, ordea, bilakaera positiboaren erritmoa mantsotu egin da, eta haurren ezagutza maila 8 puntu igo da.

Gazteengan, berriz, ezagutzaren gorakadarik handiena 1996-2001 urteen artean gertatu da (19 puntuko igoera); 1986tik 1996ra, bilakaera positiboa izan arren, gorakadaren erritmoa mantsoagoa izan zen.

Helduengan, ezagutza bere horretan mantendu da hamabost urte hauetan. 1986tik 1996ra, hamar urte horietan, helduen ezagutza maila % 44-45en inguruan ibili da.

Adinekoengan, ostera, euskararen ezagutzak behera egin du: hamabost urteren buruan 6 puntutan jaitsi da adinekoen ezagutza maila.

Ondorioz, bada, ezagutza nolabait gaztetzen ari dela azpimarra genezake. Hau da, tradizionalki zaharrek bete duten lekua, gazteenek hartu dute orain. Kontuan hartzekoa da 1996tik 2001era haurren ezagutza maila dezente mantsotu dela, eta beraz, datozen urteetan gertutik jarraitu beharko da datu hori.


Aurrerantzean, beraz, gazteengan bilakaeraren joera berari eusten bazaio, helduen eta adinekoen adin taldeak euskaldunago bilakatuko dira, eta horrek erabileran ere eragin positiboa izango duela pentsa liteke. Gertutik jarraitu beharko da, aurretik esan bezala, haurren ezagutzaren bilakaera.