Emaitzen azterketa eta esanahia

5.1 Espero daitekeen erabilera: kontzeptuaren azalpena

Atal honetan erabilera erreala eta espero daitekeen erabileraren (erabilera isotropiakoaren) arteko alderaketa egin dugu; bata, erabilera erreala, Kale Neurketan jasotako emaitza da, eta bestea J.L Alvarez Enparantzaren -Txillardegiren- eredu matematikoa aplikatu ondoren lortutakoa. Horretarako euskararen ezagutza mailaren arabera espero daitekeen erabilera kalkulatzen da, hau da, ezagutza hainbestekoa izanik (gure kasuan % 56 da) bikotekako, hirukotekako, eta laukotekako elkarrizketetan euskaraz hitz egitea estatistikoki zenbatean den posible aztertzen da. Horretarako gure hipotesian euskaldunak euskaldunekin elkartzen direnean BETI euskaraz mintzatuko direla suposatuko dugu; egoera baikorrena beraz, elebidunak euskararekiko erabat leialak baitira, eta elebidun batekin topatzean beti euskaraz arituko dira.

Beraz, hipotesi horri jarraituta ezagutzaren eta erabileraren arteko erlazioa aztertuko dugu. Sarritan entzun ohi da erabilera ezagutza mailara iristen (edo gerturatzen) ez den bitartean, erabilera baxua dela. Baieztapen hori, ordea, ez da zuzena, ezagutza eta erabilera ezin daitezkeelako bat etorri, gurea bezalako aldebakarreko elebitasun egoera batean.

Azter dezagun ezagutzaren eta erabileraren arteko erlazio hori adibide batekin:

Eman dezagun laukote batean (A, B, D, C) hiru elebidun ditugula: A, B, D. Demagun elebidun horiek euskararekiko erabat leialak direla, alegia, beraien mintzakideak euskaraz baldin badaki beti euskaraz aritzen direla (adibiderako hipotesi didaktiko bat da, dudarik gabe).

Laukote horretan euskararen ezagutza % 75 da, lautik hiru baitira euskaraz hitz egiteko gai. Azter dezagun jarraian euskararen erabilera.

Horretarako zoriz gerta daitezkeen elkarrizketa posibleak kalkulatuko ditugu.

Bikoteka, 6 talde ditugu: AB, AD, AC, BD, BC, eta DC. Horietatik C ez dagoenean hitz egingo da euskaraz, hiru kasuetan beraz (AB, AD, eta BD), beste bikoteetan erdaldun elebakarra baitago.

Hirukoteka, 4 talde ditugu: ABD, ABC, ADC, eta BDC. Horietatik elkarrizketa bakarrean hitz egingo da euskaraz (ABD), gainontzeko hiruretan erdaraz mintzatuko dira.

Azkenik, laukoteka talde bakarra dugu. Eta noski C erdaldun elebakarra bertan egonez gero, erdaraz arituko dira.

Ondorioa garbia da: hamaika taldetatik ­¾6 bikote, 4 hirukote eta laukote 1¾ lau taldetan arituko dira euskaraz ¾ 3 bikotetan eta hirukoteko batean¾. Hau da, taldeen % 36,4an arituko dira euskaraz.

Erabilera isotropikoaren formulak aplikatzen baditugu, ikusten dugu nola euskararen ezagutza % 75 izanik, eta euskaldunak aukera guztietan (mintzakidea euskalduna den guztietan) euskaraz arituko direla suposatuta ¾egoera baikorrena, beraz¾ erabilera % 48,16 da.

5.2 Erabilera erreala eta espero daitekeen erabilera

Aurreko adibidearen oinarria matematikara ekarrita, J.L. Alvarez Enparantzak –Txillardegik– espero daitekeen erabilera kalkulatzeko eredua sortu du. Ikus dezagun jarraian Lezon egindako eredu horren aplikazioa.

Lezoko euskararen ezagutza, 2001eko erroldaren arabera, % 55,9 da. Espero daitekeen erabilera (edo erabilera isotropiakoa) ondorengo formularekin kalkulatuko dugu:

PB = mB (w2ex2 + w3ex3+ w4ex4)

PB=euskararen erabilera maila
mB=euskararekiko leialtasuna
w2=bikotearen pisua
w3=hirukotearen pisua
w4=laukotearen pisua
eX=elebidunen proportzioa

Euskararen erabilera maila:

1(0,5488·0,5592 + 0,2862·0,5593 + 0,1650·0,5594) = 0,262 = % 23,8

Hortaz, Lezoko biztanleen arteko zorizko harreman posibleetan, estatistikoki espero daitekeen euskararen erabilera % 23,8 da. Kale Neurketak jaso duen erabilera erreala, ordea, % 36,3 da. Espero daitekeena baino 12,5 puntu altuagoa, hain zuzen.

LEZON
ezagutza (01) erabilera (04) espero zitekeen erabilera (01)
% 55,9 % 36,3 % 23,8


Esan bezala espero daitekeen erabilerak zera adierazten du: herriko edonork beste edonorekin hitz eginez gero (ausazko konbinaketak eginaz), zenbat aukera dauden estatistikoki biak euskaldunak izateko. Beste era batera esanda, euskaldunek, aukera duten egoera guztietan (leialtasuna %100) euskaraz egiten dutela suposatuz, erabilera zenbatekoa litzatekeen.

Hau erreferentzia teorikoa da, dena den. Jakin badakigu praktikan:

a) euskaldunen leialtasuna ez dela % 100ekoa izaten: euskara dakitenen arteko elkarrizketak ez direla kasu guztietan euskaraz izaten.

b) herriko edonork ez duela praktikan beste edonorekin harremanik izaten (harreman gehiago dugu gure ingurukoekin, adin berekoekin eta herriko zenbaitekin ez dugu praktikan inoiz harremanik).

Erabileraren Neurketako emaitza honela baloratu dezakegu espero daitekeen erabilerarekin alderatuta:

· Lezon erabilera erreala isotropiakoaren gainetik ageri da; erabilera isotropiakotik errealera dagoen aldea % 52,5[2] da. Aldea oso handia ez izan arren, diferentziaren arrazoi nagusiak bi izan daitezke[3]:

1. Herriko euskaldunak trinkoturik bizi dira, gehienbat beraien artean harremantzen direlako. Honela, egunerokoan euskaldunak erdaldunekin harreman gutxi izatean, euskararen erabilera estatistikoki espero dena baino altuagoa da.

2. Herriko euskaldunen leialtasuna altua da, eta ondorioz, euskaldunen arteko elkarrizketak ia beti euskaraz dira. Horrek ere, euskararen erabilera estatistikoki espero dena baino altuagoa izatea ekarriko du.

Eskualdeko, probintziako eta Euskal Herriko datuak:

DONOSTIALDEAN
ezagutza(01) erabilera(01) espero zitekeen erabilera (01)
% 39,2 % 19,5 % 10,5
GIPUZKOAN
ezagutza (01) erabilera (01) espero zitekeen erabilera (01)
% 51,5 % 29,9 % 19,6
Euskal Herrian
ezagutza (01) erabilera (01) espero zitekeen erabilera (01)
% 32,3 % 16,1 % 6,9

Lezoko erabilera eskualdeko, herrialdeko eta Euskal Herriko erabilerarekin alderatzen badugu, Lezoko kaleetan jasotako euskararen erabilera (% 36,3) eskualdekoa, Gipuzkoakoa, eta Euskal Herrikoa baino altuagoa da. Ezagutza maila ere Lezon altuagoa da gainerakoetan baino.