Euskararen egoera ona den edo txarra den, hobera doan edo okerrera doan galdetzen digutenean, askotan ez dugu jakiten nola erantzun, eta sarri erantzuna bera oso modu subjektiboan ematen dugu. Zentzu horretan, gero eta garrantzitsuagoa zaigu euskararen egoera eta bilakaera modu objektiboan baloratzeko aukera ematen diguten datuak izatea, eta datu horien artean bada bat herriko euskararen errealitatea adierazteko funtsezkoa dena: kalean erabiltzen den euskararen neurketa, hain zuzen ere.
Badira beste hainbat datu (erroldako ezagutza datuak, ikastetxe eta euskaltegietako matrikulazio datuak...) herriko hizkuntza egoera ezagutzeko baliagarri direnak. Hala ere, herrian euskararen normalizaziorako ahaleginen ondorioak eta denborarekin ematen diren aldaketak eguneroko erabileran islatzen dira; gure herriko esparru ezberdinetan, besteak beste, herriko kaleetan. Kale erabileraren neurketak, hortaz, errealitate horren berri ematen digu modu zuzen eta objektibo batean.
Kale Erabileraren datua funtsezkoa da herri mailan hizkuntza errealitatea ezagutu edota planifikatu nahi duen edonorentzat. Euskararen aldeko sustapen lan bat aurrera eraman ahal izateko baliabideak mugatuak izan ohi direnez, beharrezkoa zaigu premiarik larrienak zein diren ezagutzea, lehentasunak finkatzea eta ondoren horiengan eragiteko ekimenak martxan jartzea.
Neurketak, besteak beste, adin talde bakoitzak kalean euskara zenbat erabiltzen duen esaten digu, eta horrek asko errazten digu ondoren lehentasunak non dauden identifikatzeko. Gainera, Kale Erabileraren neurketak maiztasun batekin eginez gero (urtero, bi urtez behin...), urtetik urtera ematen den bilakaera ezagutu ahal izango dugu, eta modu horretan herrian ematen diren hizkuntza aldaketak gertutik jarraitu ahal izango ditugu.
Alde horretatik, 2004ko neurketa hau Lezon egiten den lehenengoa ez denez, herrian 1990, 1992, 1993, 1994, 1995, 1996, eta 1998an udalak, eta 2000an eta 2002an SEI Elkarteak egindako neurketekin alderatu eta dagokion interpretazioa egin ahal izango dugu.