Hip Hoparen eguna & Break Dance Aritz Sound System-en eskutik egun osoan zehar

2008-06-07 11:00
2008-06-07 20:00

Donde:

Goiko plazan

Detalles:

I.  HIP-HOP EGUNA. Lezo
ABESLARI GAZTEEN, SCRATCH, GRAFITTI ETA BREAK DANTZARIEN EGUNA

TOPIKOAK APURTZEN

Hip-Hop hitza, normalean, rap musikarekin erlazionatzen da soilik, gainontzeko elementuak kontutan hartu gabe. Aurrez azaldu dugun bezala, Rap musika Hip-Hop mugimenduaren osagai garrantzitsua da, baina ez da bakarra. Hip-Hopaz ari garenean, askori, begirada zatarreko beltz gihartsua datorkie burura; beisbol txapela buruan eta urre koloreko kateak lepoan dituela, "mother fucker" (puta semea) eta horrelakoak garrasika ari dela. Gaur egun, komunikabideetan, rap abeslari "makarra"ren irudia saldu nahi digute. Auzo txiroan bizi arren buruan soilik kotxe dotoreak, igerilekudun jauregiak, era guztietako drogak eta bular handiko neskak dituena. Zakilaren eta pistolaren tamaina dira kezkatzen dituen gauza bakarra eta, bere "kolegak" kenduta, etsaiez inguratuta bizi da.

Hori ote da soilik Hip-Hopa? Noski ezetz. Horrelakoak egonda ere Hip-Hopa hori baino askoz gehiago da. Hip-Hop mugimendua AEBtako auzo txiroetan jaio zen eta auzo txiro horietako egoera larria islatzen du (miseria, drogak, bortizkeria, e.a.) baino horrek ez du esan nahi giro hori kantuen bidez azaltzen duten rap abeslari guztiak horrelakoak direnik. Ezta gutxiago ere. Askorentzat Hip-Hopa izan da (eta da) sentitzen dutena espresatzeko modu bakarra; bizi duten egoera gordina salatu eta egoera horri irtenbidea bilatzeko saiakera. Aldaketarako eta iraultzarako tresna.

HIP-HOP EGUNA

Topikoekin apurtu eta Hip-Hop mugimendua bere osotasunean erakusteko saiakera da Hip-Hop eguna. Horretarako teoria eta praktika uztartzen ditugu. Teoria, Hip-Hoparen sorrera eta garapenarekin eta praktika Hip-Hop mugimenduaren osagai desberdinak praktikan jarriaz; hau da, breakdantza, grafitti eta scratcharen teknikak erakusten dituzten tailerren bidez. Doakoak eta irekiak parte hartu nahi duen guztiarentzat. Tailerrekin batera erakustaldiak ere antolatzen ditugu, osagai bakoitzean adituak direnekin. Rap musikari dagokionez, mikrofono irekiaren bidez, rap musika egiten eta abesten hasi diren gazteei, baldintza tekniko duinetan (mikrofono, bafle, monitore, e.a) jende aurrean aritzeko aukera ematen zaie 

SARRERA

Euskal Herrian geroz eta gehiago dira Hip-Hop kulturagatik erakarrita sentitzen diren gazteak. Hip-Hopa 80. hamarkadan AEB-etako auzo txiroetan sortutako mugimendua da, espresiobidea. Ideiak eta sentimenduak adierazteko modua da Hip-Hopa, eta horretarako, idei eta sentimendu horiek adierazteko, baliabide desberdinak erabiltzen ditu:

Rap musikak, doinu eta letren bitartez, ahozko espresioa adierazten du, kantatzeko eta musika egiteko modu berezia (scratcharen teknikak lagunduta).

Break dantzak gorputzaren espresioa ahalbideratzen du. Gorputza, lurrarekin harreman estuan eta musikaren laguntzaz, mugimendu ikusgarrien bidez, espresio tresna bilakatzen da.

Grafitiarekin, idei eta sentimenduak, irudi bihurtzen dira. Espraiaren teknikaz baliatuz panel edo paretak orri zuriaren papera jokatzen dute.

EKITALDIA

Lekua: Goiko Plaza [Lezo].

Eguraldi txarra egingo balu Bekoerrota kiroldegiko frontoian

Data: 2008-ko ekainaren 07a, larunbata.

Eguna bitan banatuko genuke:

  • A- IKASI

Goizean zehar. Hip-Hop mugimendua ezagutzeko tailerrak.

Tarte horretan hainbat tailer egongo lirateke jendearen eskura.

1- GRAFFITIA. Jendeak graffitiaren teknikak ezagutu eta praktikan jartzeko aukera izan dezan.  10 panel egongo dira guztira eta horietako batzuk aurrez bananduta egongo dira, besteak momentuan gerturatzen den jendearen esku (edo aurrez abisatuta: ixa74@hotmail.com edo 675 703 276.

2- SCRATCH ETA DJ TAILERRA. Musika ipintzeko, nahasteko eta scratch-ak egiteko teknikak erakutsi. Selektah Kolektiboko DZ-ren eskutik (egun Fermin Muguruzaren eta Esne Beltza taldeeko partaide da).

3- BREAK DANCE TAILERRA

Gorputzaren espresioa musika eta dantzaren bidez lantzeko teknika. Monitore lanetan: Intxaurbreak taldeko Marta.

14:30

Bazkaria.

Bazkaldu eta gero graffitiak margotzen jarraituko dute eta bitartean musika jarriko genuke.

B- GOZATU

15:00-17:00

Rap eta reggae musikarekin saioak.

17:00-19:00

ABESLARIEN TARTEA

Asko dira Euskal Herrian, rap musikaren bidetik abesten hasi diren gazteak.  Gutxi dira ordea, jendearen aurrean eta baldintza egokietan, beraiek konposatutako kantuak aurkezteko dituzten aukerak. Jaialdi honetan gustura aritzeko aukera eman nahi diegu. Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorritako abeslariak izango ditugu eta  euskarari tarte berezia eman nahi diogu (zoritxarrez gutxi dira oraindik euskara hutsez abesten duten rap abeslariak baina geroz eta gehiago dira, kanta gehienak erdaraz eduki arren, kantuak euskaraz egitera animatzen direnak).

19:00-20:00

BREAK DANTZARIEN ERAKUSTALDIA

Aritz Sound System-en musikarekin break dantza erakustaldia.

OHARRA: Egitarau hau behin behinekoa da eta ordutegian edota edukietan aldaketak eman daitezke.

calendario