Euskadiko selekzioan parte hartu du, diziplina honetan nazioarteko onespena duena. Horretaz gainera, taldeka bigarren sailkatu ziren, zilarrezko domina lorturik.
Lezoko Udalak Ainara Larrearen bidaiaren gastua subentzionatu du.
Ainara Larrea azken bost urteetan arte martzial hau praktikatzen aritu da Oiartzungo Ikastolako gimnasioan.
Azken bi urteetan Euskal Herriko txapelduna izan da eta munduko txapelketan parte hartzeko gonbitea jaso zuen Euskal Herriko Federazio eta Japongo Federazioaren eskutik.
[b]HITZAN argitaratutakoa (2004-09-04ean)[/b][u][/u]
Japonian eskualdekoak primeran
Kenpo kaiko Mundu Txapelketan izan dira Oiartzungo eta Lezoko kirolariak
jon martin
Kenpo kaiko Mundu Txapelketa jokatu zen abuztuan Japonian. Euskal kirolariak beren abilidadea neurtzera joan ziren, eta uste baino maila altuago dutela ikusi dute.
Eskualdeko hainbat kirolari izan ziren Munduko Txapelketan eta emaitza ezinhobeak lortu zituzten. Euskal Selekzioa bigarren geratu zen taldeka eta Ainara Larrea lezoarra munduko hirugarren onena izan zen.
Sei egunez egon ziren Japonian. Lehen hiruretan lehiaketak eta entrenamenduak egin zituzten, eta gainontzeko hirurak turismoa egiteko baliatu zituzten.
Lehen egunean nekatuta heldu ziren hegaldia zela eta, baina hortik aurrera japoniarrek ez zieten atseden hartzeko tarte gehiegi utzi.
Txapelketa bikoitza
Bigarren egunean entrenamendu berezia egin zuten: formak landu zituzten, eta hausketa-ariketa egin. Aditu batek anatomiari buruzko hitzaldi bat eman zien ondoren.
Hurrengo egunean banakako txapelketak egin zituzten lehenbizi. Gizonezkoen mailan, Gorka Urrak eta Inaki Arbelaitzek (oiartzuarrak biak) beren lehen kanporaketa gainditu zuten, baina bigarren aurkariak ezin izan zituzten menderatu. Arbelaitzek dio ez zeudela beraien onenean; «erdi lesionatuta jardun genuen». Japoniar batek (iazko berak) irabazi zuen txapelketa. Arbelaitzek dio japoniarrak, orokorrean, ez zirela hain onak; baina irabazi zuena apartekoa zela dio.
Neskak bikain
Primeran ibili ziren neskak: Ainara Larrea lezoarrak eta Marta Estibaliz andoaindarrak bikain jardun zuten eta hirugarren eta laugarren postuagatik borrokan egitea tokatu zitzaien. Borroka berezia izan zela dio Larreak. Oiartzunen entrenatzen du batek eta Astigarragan besteak; baina uztailean elkarrekin jardun zuten txapelketarako prestatzen egunean hiru orduz, eta bien artean konplizitate handia dago. Hirugarren eta laugarren postua jokoan zegoen, beraz. «Beti bezain gogor, baina ohi baino urduritasun gutxiagorekin jokatu genuen borroka». Txapelduna eta txapeldunordea Zeelanda Berrikoak izan ziren.
Taldekako txapelketa ere jokatu zen Japonian. Gizonezko gazte batek, emakumezko batek eta berrogei urtetik gorako batek osatutako taldeak ziren. Frantzia, Euskal Herria, Espainia, Zelanda Berria eta Japonek jokatu zuten eta orden horretan geratu ziren.
Turismoa Japonian
Txapelketa amaituta, turismoa egiteko baliatu zituzten itzulerareko falta ziren hiru egunak. Japoniarrek tratu bikaina eman dietela dio Arbelaitzek: «Denbora guztian guri zerbitzen aritu ziren, gure mende, beti atsegin». Espainiarrak, frantziarrak eta euskaldunak batera eta bestera eraman zituzten japoniarrek beraien herria erakusteko. Leku ugari bisitatu omen dituzte.
Lortu dituzten emaitzak kontutan izanik, datozen urtetan errepikatzeko gogoz daude kirolariak. Horretarako, entrenatzen segi beharko dute eta eta bidaiatzeko laguntzak lortu. Berriz ere, horrelako emaitzak lortzekotan, ez zaie laguntzarik faltako.