[b]
LEZO - HITZA
gizartea »
Herriko hirugarren nekazalturismo etxea: Juan Martindegi
Juan Martindegi baserriko Maria Jesus Arrastua da etxearen arduraduna; baserriari eusteko modua du
iñaki berrio [/b][i][/i]
Orain bi urte herrian nekazalturismo etxe bat eta landetxe bat zabaldu zituzten; Zurgiarre eta Endara. Orain, turistentzako hirugarren eskaintza izango da Lezon. Aurreko bi etxeetatik gertu dagoen Juan Martindegi baserrian nekazalturismorako gune bat zabaldu dute. Apiril bukaera aldera hasi ziren lehen bezeroak hartzen, nahiz eta oraindik lan batzuk egiteke dituzten. Maria Jesus Arrastua da Gaintxurizketa auzoko hirugarren nekazalturismoa kudeatzen ari dena.
Arrastua amarekin eta lehengusu batekin bizi da baserrian. Berak, baserriaz bizitzea aukeratu zuen aspaldi, baina ezinezkoa dela dio: «Baserriak ez du bizitzeko ematen». Horregatik, beste diru sarrera bat edukitzeko modu bakarra baserrian gelak jarri eta zerbitzu berria eskaintzea zela pentsatu zuen. Baserrian haragitarako behiak eta baratza lantzen zituen, gaur egun baserriaren ustiaketarekin jarraitzen du nekazalturismo etxea eramateaz gain. «Baserriari eusteko osagarri baten gisa hartzen dut nik nakazalturismoa. Hori ez banu egingo baserria saldu eta hemendik alde egitea besterik ez nuke izango», esan du etsituta Arrastuak.
Baserri giroa
Maria Jesus Arrastua Juan Martindegi baserrian jaio zen, bere aita ere bertan jaio zen, baina baserriak zenbat urte dituez ez daki; «300 inguru dituela dituela diote batzuk». Baina, nekazalturismoa etxe berriago batean dago. Baserriaren ondoan duela 30 bat urte bere gurasoek etxe berria egin zuten eta horixe da negozio berria martxan jartzeko Arrastuak erabili duen eraikina.
Arrastuarentzat ez da samurra izan aldaketa. «Orain arte hemen inguruan ez zegoen mugimendu askorik, jende gutxi ibiltzen zen inguru honetan», dio etxearen kudeatzaileak. Orain, jendea erruz joaten da etxera eta baserriaren erritmoa erabat aldatu da. «Alde positiboak baditu, jendearekin egoteko aukera ematen du, gauza berriak ikasteko. Baina, alde txarra ere badu, lehen genuen intimitatea galdu dugu maila handi batean».
Apiriletik zabalik
Lan askorekin, eta paper artean denbora dexente pasa ondotik lortu zuen Arrastuak nekazalturismo etxea zabaltzea. Apiril bukaeran hasi zen bezeroak hartzen. «Arrasateko bikote batek estreinatu zuen etxea», azaldu du Arrastuak. Orain arte bezero dexente izan ditu Juan Martindegik, «Kataluinakoak, madrildarrak, portugesak, italianoak eta nola ez euskaldunak etorri dira».
Gaintxurizketako parajeaz gozatzeko www.casajuanmartindegi.com helbidean informazioa topa daiteke. Bainudun sei gela bikoitz ditu etxeak, baita, bezeroek erabili ahal izateko sukaldea, jangela eta egongela ere. Geletako bat elbarrituentzako egokituta dago.
Bezeroak hartzeko aurretik eginiko lana ez da erraza izan Arrastuarentzat. «Baimenak lortzeko bi hilabete eta erdi behar izan ditut, baserria konpontzeko lanak ere luze joan dira, iazko urrian hasi zen igeltseroa konponketak egiten».