Tomas Garbizuren \'Ala baita\' diskoa argitaratuko du berriz Gipuzkoako Foru Aldundiak

[b] 2004ko uztailak 27
BERRIA
erredakzioa - DONOSTIA [/b][i][/i]

Tomas Garbizuk landutako 27 euskal kantu biltzen dituen diskoa, Ala baita izenekoa, berrargitaratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, abesbatzen musika errepertorioa sustatzeko ahaleginetan. Eskolarteko Abesbatzen Jaialdietan koruek nahitaez abestu behar zituzten kantu guztien bilduma da Ala baita.

1986an argitaratu zen lehen aldiz Ala baita. Abesbatza askotako zuzendarien lagungarri izan da ordutik disko hori, eta agortua zegoen aspaldian. Musikaren alderdi ugari eta estilo asko jorratu zituen Garbizuk. Ala Baita diskoan kantu ezagun asko bildu zituen, besteak beste: Eperrarena, Intxauspeko alaba, Zugana Manuela, Ala baita, Axuri beltza eta Iturengo arotza. Diskoaren errepertorioan konpositoreak zuen estilo berezia eta konposizioek helburu zuten munduaren ezagutza sakona antzeman daiteke. Garbizu aditua zen harmonizazioan eta korden ahots tinbreak eta tesiturak oso ongi ezagutzen zituen.

Nortasun handiko gizona

Garbizuren lagun eta Eskolarteko Abesbatzen Jaialdiaren zuzendariak, Jose Maria Zapirainek, Garbizuren konposatzeko moduaren eta estetikari buruzko iritzia kritikoa azaldu zuen lehen argitarapen hartan: «Garbizu ez da soilik klasikoa edo erromantikoa, ez da soilik inpresionista ere, ordena eta forma onartzen baititu; erromantikoa da, nortasun propioz sentitu eta espresatzen baita, gizakia beti aintzakotzat hartuz; nazionalista, bere musikaren bidez maite eta duintzen baitu bere lurra; modernoa, balio diezaiokeen egungo gauza orori irekia baitago. Tomas Garbizu estilo jakin batean sailkatzea hutsegitea izango litzateke eta ez lioke inongo mesederik egingo. Bera musikaria, konpositorea da soilik».

Tomas Garbizuk (Lezo, 1901-Donostia, 1989) Donostian, Madrilen eta Parisen egin zituen musika ikasketak. 1945etik erretiratu zen arte Donostiako Kontserbatorioko organo irakasle katedraduna izan zen.

añadir nuevo comentario