Metodologia

2.1 Neurketa egunak eta orduak

Lezon Euskararen Erabileraren Kale Neurketa 2004ko azaroan burutu da: hilaren 17an (asteazkena), 20an (larunbata), eta 21ean (igandea), hain zuzen.

Guztira ondorengo koadroan dituzuen lau neurraldiak egin dira[1]:

  • Azaroak 17, asteazkena, 18:00-20:00
  • Azaroaren 20, larunbata, 11:00-13:00
  • Azaroaren 20, larunbata, 18:00-20:00
  • Azaroak 21, igandea, 11:00-13:00

2.2 Aztertutako zonaldeak eta neurketarako ibilbideak

Lezon lau zonalde neurtu dira eta bakoitzean ibilbide bat zehaztu da; kalerik jendetsuenak biltzen dituen ibilbidea, hain zuzen.

Hori horrela, Kale Neurketa burutu den ibilbidean lau zonalde bereizi dira neurraldi bakoitzean:

  1. 1. gunea: Kaskua: Gurutze Santuaren plaza, Kale Nagusia, Jaizkibel hiribidea, Zubitzo kalea, Piku kalea (joan-etorria), Gurutze Santuaren plaza, eta Donibane kalea (iturriraino).
  2. 2. gunea: Lazon / Pildain:Donibane kalea (iturrian hasita), Guillermo Lazon kalea, Goiko Plaza, Pildain kalea, Agustin Lizarazu kalea (behetik sartuta: Hispanoa, Olasape, etab.), eta Gaintza kalea.
  3. 3. gunea: Urdaburu: Jaizkibel hiribidea (Zubitxoko semaforoa), Karlos Saldise plazari buelta, Larrun kalea, Auñamendi kalea, Gorbea kalea, Urdaburu kalea, eta Aralar kalea.
  4. 4. gunea: Zubitxo / E.Salaberria: Zubitxo kalea (ibai-ondotik hasita), saskia dagoen plazatik buelta, Zubitxo kalea (kontserbatorioa, TUT kafetegia, arkupeetatik), Pisbe, E.Otxoa, Lopene, eta E.Salaberria.

behintzat) neurtu ahal izatea izan da; alegia, hautatutako egun eta orduetan herritar guztiek izatea estatistikoki neurtuak izateko aukera.

Behaketa zuzena

Neurtzaileen ikerketa-metodologia behaketa zuzena izan da. Hau da, hiztunak neurketaren momentuan erabiltzen duen hizkuntza jaso dute zuzenean, ezertxo ere galdetu gabe. Horrela, neurtzaileek ibilbidean zehar topatzen duten jendeak darabilen hizkuntza jaso dute.

Hiztunek, bada, ez dakitenez behatuak direnik, neurtzaileek hiztunaren joera naturala jaso dute. Beraz, inkestaren bidez jasotako datuen subjektibotasuna baztertzen da, eta horrela emaitza fidagarriagoak lortzen dira.

Elkarrizketa hizkuntza

Neurtzen duguna, norbanakoaren hizkuntza baino, taldeko elkarrizketa hizkuntza da. Kaleko erabileraz ari garela, elkarrizketak dira behatzen eta zenbatzen ditugunak, eta elkarrizketok beti dira bi lagun edo gehiagoren artekoak (ezinbestean). Ondorioz, talde batean elkarrizketa bat behatzen dugunean, une horretan hizketan ari denaren hizkuntza hartzen dugu kontuan talde osoarentzat, suposatuz une horretan hizkuntza horretan ari badira, beste batean ere horrela ariko direla, eta aldi berean suposatuz taldeko hiztun hori izan beharrean beste bat balitz hizketan ari dena, neurtu dugun hizkuntza berean egingo lukeela.

Kale erabileraren neurketa izanik, hiztun talde bakoitza une labur batean baino ez dugu behatzen, eta ondorioz metodologia honekin ezin dugu taldeko kide bakoitzaren jokaera ezagutu. Dena den, hau horrela egiteko oinarri metodologikoak sendoak dira. Kalean behatzen ditugun hiztun taldeek hizkuntza jokaera finkatua izaten dute eta hau oso gutxitan aldatzen da. Neurtzen ditugunak kasurik gehienetan lagunak, familia berekoak edota hurbilekoak izaten dira.

Ondorioz, ezin dugu erabateko ziurtasunez esan neurketa honetan jasotakoa Lezoko biztanleen (lezoarren) erabilera denik. Horren ordez, zuzenagoa da esatea Lezoko kaleetan jaso dugun erabilera dela hemen aurkezten duguna. Izan ere, ezin dugu ziurtatu kalean neurtzen ditugun hiztun guztiak herrikoak direnik.

Adierazgarritasuna

Hainbat aldagaik erabileran duen eragina aztertu dugu neurketan: adina, haurren presentzia eta sexua, besteak beste. Horretarako zonalde bakoitzean bi orduko lau neurraldi egin ditugu. Neurraldi guztietan hiztunaren adina jaso dugu (zortzi ordutan, beraz); hiztuna haurrekin dagoen ala ez bi neurralditan (lau ordutan); eta hiztunaren sexua beste bi neurralditan (lau ordutan).

Emaitzak aztertzerakoan laginaren tamaina izango dugu kontuan, laginak gutxieneko kopuru bat bete beharko du aldagai horren eragina aztertu ahal izateko. Izan ere, aldagaia zenbat eta zehatzagoa izan lagina txikiagoa izango da eta datuek adierazgarritasuna galduko dute. Esaterako behatutako hiztunen adina taldeka banatzeko behar adina lagin (neurtutako pertsona kopurua) izango dugu, baina adin talde bakoitzean sexuaren araberako azterketa egiteko ez, aldagai bat zenbat eta gehiago deskonposatu, orduan eta lagin txikiagoa baitugu emaitzen irakurketa egiteko.