Neurketaren emaitzak

3.1 Emaitza orokorrak

2004ko neurketa honetan jasotakoaren arabera, Lezon euskararen kale erabilera % 36,3 da; alegia, kalean neurtu diren 100 elkarrizketatatik 36 entzun ditugu euskaraz, eta gainerakoak gaztelaniaz (beste hizkuntzak ez ditugu kontuan hartu azterketa honetan).

Egindako neurketetan guztira 2.475 hiztuni dagozkien datuak jaso dira, herriko biztanleriaren % 43,6 litzatekeena. Behatutako hiztun kopuru honek SEI Elkarteak neurketaren emaitzen fidagarritasuna bermatzeko ezarritako gutxienekoa erraz gainditzen du, eta hortaz, neurketa honetan lortutako erabilera datuek oinarri sendoa dute laginaren tamainari dagokionean.

3.2 Erabileraren bilakaera

Herriko euskararen erabilera aztertzeko garaian, erabileraren bilakaerari erreparatzeak berebiziko garrantzia du: batetik, normalizazio mailan egindako ahaleginen ebaluaziorako informazio interesgarria eskainiko digulako, eta bestetik, ondorengo urteetako jokaerak aurrikusten ere lagun diezagukeelako.

Emaitzak alderatzeko, 1990az geroztik udalerrian egin diren hainbat neurketa hartu ditugu kontuan; guztira, hamar neurketa. Horretarako diseinua eta erabilitako metodologia bera izan zitezen ahalegindu gara eta ibilbideetako kalerik gehienak bat datozela esan dezakegu

Ondorengo urteetako datuak konparatu ahal izateko, funtsezkoa izango da neurketak egiten direnean oraingo diseinu osoa errepikatzen jarraitzea.


1992tik 1996ra erabileraren bilakaerak gorabeherak izan zituen Lezon; erabilera mailarik baxuena 1994an jaso zen (% 26,5), baina ondorengo urteetan erabilerak gora egin zuen. Dena den, urte batetik besterako alde txikiak baino, datuek adierazten diguten bilakaera orokorrari erreparatzeak du garrantzia. Lezoko euskararen erabilera %34-37ren inguruan kokatzen da 1996tik 2004ra bitarteko neurketetan. 2002an jasotako datuaren arabera, erabilerak gora egin zuen zertxobait aurreko urteetako erabilera mailarekiko (% 38). 2004ko neurketan jasotako datuen arabera, berriz, erabilera maila jaitsi egin da, berriro ere, aurreko urteetako mailaren parera (% 36,3).

3.3 Zonaldekako emaitzak

Herritarren leku publikoetako hizkuntza erabilera neurtzea xede izanik, behaketa herriko bizitza soziala gertatzen den zonaldeetan oinarritu dugu. Zonalde horiek definitzeko, udalerriko auzo guztiak hartu dira kontuan ?Lezoko hazkunde demografikoak berriki erantsi dituen plaza eta gune berriak, oraindik orain ez dugu neurketan erabat uztartu?. Herritarren harreman-gune nagusiak non kokatzen diren zehaztu da, eta behin zonalde horiek definitu ostean, zonalde bakoitzaren barruan jarraitu beharreko ibilbidea erabaki da, beti ere udaleko teknikariekin elkarlanean.

Herriko auzoetako hizkuntza errealitatea ezagutu asmoz, behaketak beraz, auzoka egin ditugu. Hala ere, emaitzok datu orientagarri eta hurbilpenekoak baino ez dira, auzo batetik besterako biztanleen mugimendua handia baita; hau da, zaila gertatzen da auzo jakin bateko errealitate soziolinguistiko zehatza antzematea, mugikortasuna, auzoen artean, etengabea delako.

Auzo edo guneak

Neurtutako hiztunak

Erabilera batez bestekoa

Kaskua

639

% 37,9

Lazon / Pildain

447

% 30,2

Urdaburu

851

% 33,6

Zubitxo / E.Salaberria

538

% 43,9


Zonalde bakoitzeko datuak erreferentzia gisa erabiltzea aholkatzen dugu, eta ez zonalde bateko eta besteko bizilagunen arteko erabileraren konparaketak egiteko. Hala ere, kasu honetan Lazon/Pildainen eta Urdaburun jaso dugu euskararen erabilerarik baxuena; eta aztertutako urte ia guztietan bi hauek izan dira zonalde erdaldunenak. Baieztapen hori indartzeko, bilakaera aztertzea garrantzitsua izango da.

Auzokako datu hauek jasotako lehendabizikoak ez direnez, aurreko urteetako neurketekin alderatuko ditugu, eta modu horretara ondorio zuzenagoak eta fidagarriagoak atera ahal izango ditugu.

3.4 Erabileraren bilakaera zonaldeka

Auzoak edo guneak

1990

1992

1993

1994

1995

1996

1998

2000

2002

2004

Kaskua

35,1

37,3

44,2

33,8

51

42,8

27

33

44,9

37,9

Lazon/Pildain

20,8

33,6

32,6

22,4

21

28

44

24,1

31,2

30,2

Urdaburu

35,2

27,9

37,1

26,2

43

23

36

47,3

29,5

33,6

Zubitxo/E.Sal.

46,2

31,5

33,3

22

30

33

29

38,9

45,8

43,9

2004an jasotako datuen arabera, Zubitxo/E.Salaberrin erabiltzen da gehien euskara, eta jarraian Kaskuan. Aurreko urteetan erabileraren bilakaerak gorabeherak izan arren, 1998tik 2002ra gorakada etengabea izan da bi zonalde hauetan; 2004ko neurketa honetan, ordea, azken urteotako goranzko joera hori eten egiten da bi zonalde hauetan, eta zertxobait behera egiten du erabilerak (2 puntu Zubitxon eta 7 puntu Kaskuan).

Lazon/Pildain zonaldea izan da, orokorrean, hamalau urteotan erabilera mailarik baxuena izan duena eta 2004ko neurketan ere bertan jaso da erabilera mailarik baxuena. Dena dela, 2002tik 2004ra zonalde honetako erabilera maila % 30-31ren inguruan mantendu da. Urdabururen kasuan, berriz, erabileraren bilakaera hamalau urteotan oso gorabeheratsua izan dela ikus dezakegu. 2002an erabilerak beherakada nabarmena izan bazuen ere, aurten zertxobait gora egin du erabilerak 2002koarekin konparatuta.

3.5 Adin taldekako emaitzak

  • Haurrak: 2 urtetik 14 urte bitartekoak
  • Gazteak: 15 urtetik 24 urte bitartekoak
  • Helduak: 25 urtetik 64 urte bitartekoak
  • Adinekoak: 65 urtetik gorakoak

Diagraman ageri den moduan, euskara gehien erabiltzen dutenak 14 urte bitarteko haurrak dira (% 52,5); haurren adin-taldea da, gainera, herriko batez besteko erabileraren gainetik ageri den bakarra. Ondoren, herriko batez besteko erabileratik oso gertu, adinekoak ageri dira (% 34,5). Adinekoen erabilera maila baino 5 puntu beherago helduen erabilera maila ageri da (% 29,8). Azkenik, euskara gutxien erabiltzen dutenak, gazteak dira (% 19,8); aldea handia da, erdira baino gehiago jaisten baita gazteen erabilera haurrenarekin alderatuz gero.

Gazteen erabilera maila, beraz, herriko batez besteko erabilera maila baino 17 puntu baxuagoa da Lezon. Haurren erabilera mailarekin alderatuz, berriz, gazteena haurrena baino 33 puntu baxuagoa da; aldea nabarmena da.

Kontuan izan, 2001eko erroldako datuen arabera, gazteen ezagutza maila % 75 dela Lezon; haurren ezagutza maila baino (% 84) 9 puntu baxuagoa. Erabilera mailan dagoen aldea, beraz, ezagutzari dagokiona baino dezente handiagoa da bi adin-talde hauen artean. Badirudi, haurretako askok beren hizkuntza ohitura gaztelerara aldatzen dutela gazte izatera iristean, Lezon ere.

Herriko euskararen bilakaerari begira haurrak dira kalean euskararik gehien egiten dutenak, baina kezkagarria da haurren erabileratik gazteen erabilerara dagoen jauzia. Herriko hizkuntza bilakaerak hobera egin dezan, beraz, funtsezkoa izango da datozen urteetan gazteen erabilera ohiturek hobera egiten jarraitzea.

3.6 Adin taldekako erabileraren bilakaera

1990 1992 1993 1994 1995 1996 1998 2000 2002 2004
Haurrak 43,8 43,4 52,2 35,6 37,4 42,8 43 53,5 51,8 52,5
Gazteak 28,8 28 26,5 23,1 30,7 30,1 39 32,7 20,4 19,8
Helduak 28,4 25 23,3 19,5 22,6 27,7 27 28,4 31,9 29,8
Adinekoak 42,6 43,2 62,1 38,2 46,9 43,5 42 25,1 35,2 34,5

Adin-taldekako erabileraren bilakaeran ere joera konstanterik topatzea zaila da, eta gorabeherak nabarmenak dira. Dena dela, esan daiteke 1990az geroztik, haurrak direla, batez ere, eta adinekoak ondotik, erabilera indizerik altuena erakutsi izan dutenak. Aldi berean nabarmentzekoa da, 2002tik 2004rako neurketan erabilerak ez duela aldaketa handirik izan adin-talde guztietan.


3.7 Adin talde bakoitzaren bilakaera

Haurrak dira, oro har, erabilera indizerik altuena dutenak, baita izan dutenak ere.

Gazteen kasuan, erabilera 13 puntuan jaitsi da azken laurtekoan:

Helduei dagokienean, hamalau urteotan adin-talde honen erabilera maila, oro har, ez da asko aldatu.

Adinekoen bilakaerak aldiz, gorabehera dezente izan ditu.


3.8 Neurketa egunen araberako emaitzak

Lezoko kaleetako erabilera aztertzeko lau neurraldi egin dira 2004ko azaroan.

2004ko neurketa honetan, beraz, asteazken arratsaldean erabilera maila altuagoa jaso da gainerako egunetan baino. Erabilera maila baxuena, berriz, larunbat arratsaldean jaso da.

2002ko datuei erreparatuta, ordea, ezin esan joera bera jaso zenik orduko neurketan. Orduan, asteazken eta larunbat arratsaldean jaso zen erabilera mailarik baxuena. Altuena, berriz, larunbat eta igande eguerdian. Aurrera begira, neurketa egun eta ordu berdinetan egiten jarraituko balitz, joera modura kontuan hartzekoa izango da erabilerak gora egiten duen larunbat goizetan.

3.9 Sexuaren araberako emaitzak

Oro har ez du eragin esanguratsurik euskara erabiltzerakoan. Lezon emakumezkoek 7 puntu gehiagoan erabiltzen dute euskara. Aldea oso handia ez izan arren, adierazgarria ere bada

2000ko eta 2002ko datuak ere baditugu sexuari dagokion eraginaren bilakaera aztertzeko. Sexuaren araberako erabilera desberdintasunean, aurreko bi neurketa hauetan ere joera beretsua soma liteke.


3.9 Haurren presentziaren eragina

Haurren presentziaren aldagaia ere biziki interesgarria zaigu, kasu askotan euskararen erabileran eragin nabarmena baitu. Egin diren hainbat neurketatan (beste herrietan, Euskal Herrian...) haurrak tartean egotean euskararen erabilera nabarmen igotzen dela baieztatu izan dugu eta. Datuek adierazten dute arau orokor hau Lezon ere betetzen dela.

Haurrik tartean ez denean erabilera % 22,4 den bitartean, haurrak presente daudenean, berriz, neurtutako erabilera 27 puntu altuagoa da (% 49). Nabarmen, beraz.

Dena den, haurren presentziak zein eragin duen jakiteaz gain, interesgarria zaigu erabilera edo komunikazio hori zehazki zeintzuen artean ematen den jakitea. Hori azaltzen digu ondorengo diagramak:

Horrenbestez, erabilerak nabarmen egiten du gora haurrak mintzakide direnean eta erabilerak gora egiten du haurrek zuzenean elkarrizketan parte hartzen dutenean, eta ez bereziki beraien presentziagatik soilik.

3.10 Haurren eraginaren bilakaera erabileran

Haurren presentziak aldagai bezala erabileran duen eragina 2000ko eta 2001eko neurketan ere jaso zenez, ondorengo diagraman duzue datuen alderaketa:

Haurren eraginaren indizea zenbatekoa izan den erakusten digu grafikoak, 2000ko, 2001eko, eta 2004ko neurketetan. Argi geratzen da hiru neurketetan haurren presentziak eragin nabarmena izan duela.