Okindegi-gozotegietako hizkuntz paisaia

Az, 2013-05-22 15:01

Oarsoaldeko Euskara Batzordeak 14 produktu ohikoenen izenak euskaraz dituen panelak eta okindegietako produktuen hiztegitxoa banatuko ditu okindegi-gozotegietan

“Establezimendu batera sartzen garenean, ikusten den aurreneko gauza produktuari buruzko informazioa ze hizkuntzatan idatzia dagoen da. Beraz oso garrantzitsua da hizkuntza paisaia (errotulua, jendaurreko idatziak, oharrak, establezimenduko elementuak…) euskaraz egotea zeren eta, dudarik gabe, horrek berak bezero euskaldunek euskara erabiltzea erraztuko baitu”. Modu honetan, Oarsoaldeko Euskara Batzordeak Oarsoaldeako merkataritzan euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzeko ekimenak aurkeztu ditu gaur eguerdian.

Oarsoaldeko lau udalak, Euskara Batzordearen bitartez, 16 urte daramatzate Merkataritzan eta Ostalaritzan euskararen normalizazioa sustatzeko elkarlanean. Azkeneko urte hauetan zehar, ekintza desberdinen bitartez, besteak beste, doako aholkularitza zerbitzua, establezimenduetan euskararen presentzia handitzen ari dira.

Orain hiru urtetik hona, urtero Oarsoaldeko Euskara Batzordeak merkataritza sektore edo gremio bat hautatu ohi du eta harekin ahalegin berezia egiten dute. 2013an okindegi-gozotegietan ari dira lanean eta bi ekimen prestatu dituzte sektoreari begira. Oraingoz eskualdeko 46 okindegi-gozotegik agertu dute ekimen batean edo bestean parte hartzeko asmoa.

Batetik, 14 produktu ohikoenen izenak euskaraz dituen panelakbanatuko dizkiete okindegi-gozotegiei, establezimenduko paretan jartzeko. Panel hauek produktuaren irudia eta euskarazko izena daramate bezeroek ikas ditzaten eta euskarazko izenak ezagutzera emateko helburuarekin. Panelez gain, okindegietako produktuen hiztegitxoa ere banatuko zaie establezimendu jabeei. Panelak eskuratu nahi dituzten okindegi-gozotegiek beraien herriko euskara zerbitzura jo beharko dute.

Bezeroen artean zozketa

Bestetik, udazkenean, urriaren 14tik azaroaren 3ra, okindegi-gozotegietan bertako produktuak euskaraz eskatzen dituzten bezeroei boleto edo txarteltxo bat emango die saltzaileak. Azaroaren 4an egingo diren zozketetan, establezimendu bakoitzeko irabazle bat aterako da eta hilabeteko ogia (40 euroko erosketa eskubidea) eskuratuko du boletoaren jabeak.

Honen guztiaren berri badute okindegi-gozotegien jabeek, euskara zerbitzuak haiekin elkarlanean aritu baitira urte guztian zehar. Baina honen berri oraindik ez duen establezimendu jaberen bat balego, eta interesatuko balitzaio, bere herriko euskara zerbitzuarekin harremanetan jarri besterik ez du.