Kirola eta euskara uztartzeko nahia

Az, 2013-06-12 13:30

Oarsoaldeako Udalek kirol klub edo elkarteen eskaintza euskaldundu beharra dagoela nabarmendu dute

Atzo Errenteriako Udaletxeko biltzar aretoan egin zen prentsaurrekoan, Julen Mendozak (Errenteriako alkatea), Ainhoa Zabalok (Lezoko alkatea), Aiora Perez de San Romanek (Oiartzungo alkatea eta Oarsoaldeako lehendakaria) eta Amaia Agirregabiriak (Pasaiako alkatea) eta, lau udalek 2008an hartutako konpromisoak berretsi, eta eskualdeko lau udalerrietan kirol eskaintza osoa euskaraz izateko urratsak egiten jarraitzera animatu dute. 

Hezkuntza sistemaren bidez Oarsoaldean gauzatzen ari den berreuskalduntze prozesua osatu eta sendotzeko, aisialdiko ekintzak edo eskolatik kanpo egiten direnak, kasu honetan kirola, euskaraz egitea beharrezkoa da.

Hezkuntzaren alorrean zeresana duten eragile guztien arteko elkarlanari esker, egun, hezkuntza sistemak eskualdeko haur eta gazte guztiek euskaraz jakitea bermatzen du.

Kirol eskaintza osoa euskaraz izateko bidean, 12 urte arteko haur eta gazteei zuzenduriko udalen kirol eskaintza guztia euskaraz egiten da, egun, Oarsoaldean.

Bestetik, azken 15 urtean kirol eta euskara zerbitzuek ikastetxeekin batera egindako lanari esker eskola kirola euskaraz egiten da osoki, lau herrietan.

Adin tarte horretara arteko kirol eskaintza osoa euskaraz izan dadin kirol klub edo elkarteen eskaintza euskaldundu beharra dago orain, Errenterian eta Pasaian batez ere, Oiartzunen eta Lezon 12 urte arteko kirol eskaintza osoa euskaraz egiten dela esan baitaiteke, hutsuneak hutsune.

Esan bezala, hezkuntzaren alorrean zeresana duten eragile guztien arteko elkarlanari esker, egun, hezkuntza sistemak eskualdeko haur eta gazte guztiek euskaraz jakitea bermatzen du.

Euskararen erabateko normalizazioa lortuko badugu, ordea, beste alor batzuekiko elkarreragina ezinbestekoa da, osagarritasuna lortze aldera, eta hala, prozesua indartzeko. Hezkuntza araututik kanpora ere euskarazko eskaintza behar dute. Irakaskuntza alorrean egindako ahalegina eraginkorra izan dadin, beharrezkoa da kirol jarduerak euskaraz izatea.

Lan lerro honi jarraiki, orain kirol klub edo elkarteen eskaintza euskaldundu beharra dago, honela, oraindik beraien ekintzak euskaraz eskaintzen ez dituztenek, hizkuntza honetan ere eskaini dezaten.

Hori dela eta, xede hau lortu ahal izateko eta prozesu guzti honetan zehar, kirol klubek edo elkarteek eskualdeko lau udalen laguntza izango dute.

Taula honetan, gaur egungo egoeraren datuak irakur daitezke.

Arloa edo saila