Udaberri Jaia, Lezoko Irrien Lagunekin

Og, 2013-06-13 08:38

Larunbatean, hilak 15, izango da, eta besteak beste, Lezoko baserriak bisitatzera ibilaldia antolatu dute

Lezoko Irrien Lagunak taldeak antolatuta, Udaberri Jaia ospatuko da larunbatean Lezon ikasturtean zehar haurrekin egindako parte hartze prozesuari amaiera alai emateko.

Famili giroen egiteko egun pasa antolatu dute. Lehenengo hitzordua goizeko 10:00etan jarri dute, Karlos Saldise plazan. Herriondo bailaran barrena ibilaldia egitea da asmoa, baserriak bisitatuz eta baserritarrekin hitz eginez. Ibilbidean zehar trikitilarien laguntza izango dute.

Ibilbidea amaituta, 13:00ak aldera, bazkari autogestionatua izango da Altamira gaineko anfiteatroan –euria eginez gero, Saldise plazan–. Eta bazkalostean “betiko jolasak” eta show sorpresa iragarri dute.

Irrien Lagunak Taldekoek Lezoko familiak animatu nahi dituzte “euskaraz, familia eta lagun artean eta naturarekin harremanetan” egun pasa egitera.

Eguraldi txarra egiten badu, zira eta aterkiak eramateko deia luzatu dute, eta motxilan hamaiketakoa, bazkaria, merienda, edaria… eramateko gogorarazi dute.

Arloa edo saila