Berdintasun Plana diseinatzeko bilera irekia

Og, 2014-03-27 09:54

Datorren astelehenean izango da, hilak 31, 18:30ean Kultur Aretoan. Naiara Arri, bilera gidatuko duen teknikaria elkarrizketatu dugu.

Naiara Arri: “Berdintasuna guztioi eragiten digun gaia da eta denok dugu gai honetan zer hausnartua”

Lezoko Udala II. Berdintasun Plana diseinatzen ari da. Parte-hartze prozesu bidez egiten ari da, eta datorren astelehenean, hilak 31, herritarrekin eta herriko eragileekin bilera antolatu dute euren iritziak, iradokizunak, proposamenak eta abar jasotzeko. 18:30ean izango da Kultur Aretoan. Naiara Arri Elhuyarreko Berdintasun teknikariak gidatuko du, eta saioaren nondik norakoak azaltzeko eskatu diogu.

Zergatik da garrantzitsua herritarrek edo-eta herriko eragileek bileran parte hartzea?

Naiara Arri:Une honetan aurreko planaren ebaluazioa egiten gabiltza eta horrekin gaur egungo egoeraren argazkia lortu nahi dugu. Herriko eragileek eta herritarrek oro har, ezagutzen dute Lezoko errealitatea hobekien, eta hortaz euren ekarpena ezinbestekoa zaigu.

Nolakoa izan liteke herritarren ekarpena?

N.A.:Herritarrek zentzua eman ahalko diete guk beste bideetatik lortutako datu kuantitatiboei. Askotan gertatzen da datuek ez dutela errealitatea bere horretan azaltzen, eta beraz herritarren eta eragileen esperientziez horiek osatu eta errealago bihurtuko ditugu.

Zenbat eta ikuspegi gehiago bildu, edo jende mota ezberdin gehiago bildu, prozesua aberasgarriagoa izango dela ulertzen dut. Hortaz, emakume taldeetan edo antzekoetan aritzea ez da ezinbestekoa izango bileran parte hartzeko, ezta?

N.A.:Herritar guztiak izango dira ongietorriak, berdintasuna guztioi eragiten digun gaia da eta denok dugu gai honetan zer hausnartua.

Zein izango da bilerako dinamika?

N.A.:Bilera dinamikoa izango da, hausnarketarako tailerrak direla esaten dugu guk. Berdintasunaren inguruko sentsibilizazioa eta talde kohesioa landuko ditugu lehenengoz. Ondoren herritarrek euren esperientzietatik abiatuz, gaur egungo Lezoko egoera irudikatzen eta etorkizunerako erronkak identifikatzen lagunduko digute.

Printzipioz, bi orduko bilera izango da. Bileraz haratago beste zerbait egin behar dute?

N.A.:Ingurukoei eta ezagunei prozesuaren eta bileraren berri emanez gero asko eskertuko diegu.

Arloa edo saila