Mintzagun ekimenaren aurkezpena

Al, 2015-05-04 10:13

Aurten topaketa Oiartzunen izango da maiatzaren 9an

Gaur Doneztebe plazan egin duten prentsaurrekoan ezagutzera eman dituzte Mintzagun jaiaren nondik norakoak Irati Etxebestek (Oiartzungo zinegotzia), Borja Arbelaitzek (Oarsoaldeko AEKren arduraduna), Ane Amondarainek (Errenteriako Udal Euskaltegiaren zuzendaria) eta Izaskun Sagastumek (Pasaiako Udal Euskaltegiaren zuzendaria). Hirugarren urtez egingo den topaketa hau Oiartzunen izango da, datorren larunbatean, maiatzak 9.

Oarsoaldeko euskaltegi guztiak (Errenteriako eta Pasaiako Udal Euskaltegiak eta AEKren 4 euskaltegiak) elkarlanean dabiltza euskara ikasleei eta euskara ikasi berri dutenei euskara erabiltzeko aukerak eskaini ahal izateko. Izan ere, gure euskaltegietan, egungo metodologia eragingarriei esker, ederki bereganatzen dituzte euskaldungaiek hizkuntzaren oinarriak, eta elkarrizketa txukunak gauzatzeko adina ikastera heltzen dira. Euskara bereganatzea lortzen duen horietako askok ordea, gehienek ez esatearren, ez dute inguruan euskaraz hitz egingo dien inor izaten, familian, lagunartean… Euskaltegia izaten da eurentzako mintzatzeko gune bakarra. Behar horri erantzunez sortu zen Mintzagun egitasmoa. Eskualdeko ikasleei eta euskara ikasi berri dutenei euskara erabiltzeko aukerak eskaintzeko, hain zuzen ere.

Gaur egun ekimenak bi atal ditu: alde batetik, gai desberdinen inguruko euskaltegietako tailerrak, irekiak eta doakoak direnak, edonork parte hartu dezakelarik.  Bestetik,  Mintzagun jaia bera, euskara ikasten ari diren ikasleen, irakasleen eta ikasle hauen familia kideen eta adiskideen jaia. Urtean zehar egindako esfortzua ospatzeko, txalotzeko eta gizartean nabarmentzeko helburua duena.

Horretarako, aurten hirugarren aldikoz antolatu dugu egun pasa ludiko hau maiatzaren 9rako, larunbatez, Oiartzunen. Eguraldi ona egiten badu, Done Eztebe plazan izango da jai gune nagusia eta txarra eginez gero, Madalensoro pilota-lekuan.

Ane Amondarainek (Errenteriako Udal Euskaltegiaren zuzendaria) eta  Izaskun Sagastumek (Pasaiako Udal Euskaltegiaren zuzendaria) egitaraua ezagutzera eman zuten. Oraindik aldaketak izan baditzake ere, Mintzagun Jaiaren egitaraua hauxe izango litzateke:

Goizeko 11:00etan Oiartzun ezagutzeko ibilaldia tren berdean.
11:30ean, trikitilariek giroa alaituko dute.
11:45ean Oiartzun ezagutzeko ibilaldia tren berdean.
13:00etan, ongietorri ekitaldia Done Eztebe plazan.
13:15etan, Intxixuaren bila aztarna-jokoa Elizaldeko kaskoan barrena.
13:30ean Oiartzun ezagutzeko ibilaldia tren berdean.
14:30ean, bazkaria Done Eztebe plazan.
16:00etan, Eider Zabaletaren kantu emanaldia.
18:00etan jaiaren amaiera.

Jaiak bereizgarri izango duen zapi logoduna atera dugu –euskaltegietan eta Done Eztebe plazako tabernetan dago salgai-. Jaiaren egunean zapiak bazkarirako lekua eta plazako tabernetan deskontuak izatea ahalbidetuko dizkio soinean daramanari.

Antolatzaileek festa honetan parte hartzera deitu nahi dute eskualdeko jendartea: “Giro ederrean eguarte-arratsalde polita pasatzeko aukera izango baita, aspaldiko lagunak ikusi eta euskaraz gozatzeko. Zatozte Oiartzunera!”

Arloa edo saila