|
JAIMES DE ZAMORA Pilotu nagusia. Felipe II.aren denboretan Florida, Flandria, Ingalaterra, Irlanda, Eskozia eta Norbegiako itsas-ertzak ikuskatu ondoren, hauetaz, Mediterranioaz eta Espainiako ertzez ziharduen "Mareas derrotas" izeneko tratatua idatzi zuen. |
|
|
JUANOT DE VILLAVICIOSA MAYOR Almirantea. Infanteriako kapitaina izan zen eta ohizkoa ere bai. Orán, Ceuta eta Tanger-eko gudaldietan izan zen. Pedro Menendez de Avilés armadako generala zelarik Floridatik frantsesak kanporatu zituztenean ere bertan zen. |
![]() |
LOPE DE ISASTI Apaiza. Salamancako Unibertsitatean teologian doktore. Lezoko parrokiako benefiziadu izan zen, Nigráneko (Pontevedra) abadea, Nava de Arévalako (Avila) apaiza, Iruñeko gotzaitegiaren ganbara apostolikoko fiskala eta Iruñeko gotzaitegiko, Madrilgo gorteko eta Toledoko artzapezpikutegiko konfesore eta hizlari orokor ere izan zen. 1612an bere anaia Onofre hil zelarik haren tokia hartu zuen Lezoko Errege Untzioletan eginiko untzien material eta horniduren arduradun postuan. |
FRANCISCO DE GAINZA
Apaiza (1658-1739). Teologian Doktore. Sevillako Santo Tomás ikastetxean artea, gramatika eta teologia ikasi zituen. Urte luzez, 1708an postuari uko egin zion arte, Lezoko Parrokiako benefiziadu izan zen.

JUAN JOSE SARASOLA "LEXO"
Bertsolaria (1867-1952). Gaztetan Capuchinoseko lurmuturrean zegoen "Real Compañia Asturiana de Minas"eko labe garaietan egin zuen lan. 1894ean ezkonduz geroztik Donostian bizi izan zen. Han lanbidez kalegarbitzaile izan zen. Euskaraz ezin konta ahala bertso-papera argitaratu zituen, gero Antonio Zavalak horietarik berrogeita hamarretik goiti liburu batean bildu zituelarik.

ELIAS SALAVERRIA
Margolaria (1883-1952). Mezalaguntzaile zelarik, Eusebio Pildain apaizak marrazten oso trebea zela antzeman zion eta Gurutze Santua ikustera maiz etortzen ziren Cubas-eko Markesen esku utzi zuen 1896an, hauen babespean arte-prestakuntza sendoa jasoz. Honela, lehen-lehenik Donostiako Arte eta lanbide eskolan sartu zen; gerora Madrileko San Fernando Arte Ederren Eskolan, non Alejandro Ferrant-en ikasle izan baitzen; eta azkenik Luis Menendez Pidalen lantokian aritu zen. 1903an Gipuzkoako Aldundiaren pentsio bat irabazi zuen eta "Estudio de interior" izeneko bere koadroa Madrileko "Circulo de Bellas Artes"eko erakusketan irabazle gertatu zen. Sari berri gehiago lortu ondoren 1909an Parisera joan zen garai hartan pil-pilean zeuden joera artistikoak ezagutzera eta bere estilo klasizista finkatzera. 1912an, "La procesión del Corpus en Lezo" izeneko bere lanik bereizgarrienarekin Madrileko Erakusketa Nazionaleko lehen domina irabazi zuen, eta 1913an Munich-eko Nazioarteko erakusketako urrezko domina.
1944an "Real Academia de Bellas Artes de San Fernando" delakoan sartu zen akademilari oso gisa. Bapatean hil zen Madrileko San Francisco el grande elizako Concepción Kaperaren sabaiko pintura batzuk berritzen ari zelarik.

ANTONIO PILDAIN
Gotzaia (1890-1973). "Universidad Pontificia Gregoriana de Roma" delakoan teologia Doktore 1911n. Euskara, frantsesa, latina, grekera, hebraiera, gaztelera eta italiera ezagutzen zituen. 1913an apaiztu eta gero Gasteizko Elizbarrutiko Apezgaitegian irakasle izan zen, hebraiera, teologia dogmatikoa eta filosofiaren historiako katedrak bereak zituelarik. 1918an Gasteizko katedraleko "Canonigo lectoral" izendatua izan zen eta Apezgaitegian beste bi katedra eskuratu zituen: historia bibliarra eta idatzi sakratuak. Bigarren Errepublikan, 1931-1933 legealdian Gorteetarako diputatu izan Gipuzkoatik eta "euskal gutxiengoa"ren partaide izan zen ganbaran. Hizlari bikainaren sona lortu zuen legebiltzarrean. Canarietako gotzai titularra izan zen 1937tik 1966ra, adin eta osasun arrazoiak zirela medio utzi baitzuen kargua urte horretan. Francoren erregimena garbiki kritikatu zuen gotzai bakarretarikoa izan zen. Dotrina mailan atzerakoi eta burugogor xamarra bazen ere gizarte mailan aski aurreratua zen. Las Palmas de Gran Canarian hil zen.

JON GARBIZU "ZUBIGAR"
Olerkaria (1894-1930). Elias Salaberriaren lehengusua. Hamalau urtetan "Real Compañía Asturiana de Minas" lantegiko bulegoetan hasi zen lanean. Erligio, kultura eta literatura aldizkari eta egunkari askotan hartu zuen parte, bai Euskalerrian bai eta Amerikan ere, batez ere "Aránzazu", Iruñeko "Zeruko Argia", "Euskal-Esnalea", Donostiako "Argia", Baionako "Gure Herria" eta Buenos aireseko "La Baskonia"n. 122 olerki, ipuin batzuk, zenbait itzulpen eta Lezoko hiztegiño bat idatzi zituen euskaraz. Ezkondu zenetik Pasai Antxon bizi izan zen harik eta lanetik zetorren batean trenak harrapatu eta hil zen arte.

TOMAS GARBIZU
Musikagilea (1901-1989). "Zubigar" olerkariaren anaia. Haur denboretan Lezoko Parrokiako koruko partaide izan zen eta Jose Guezala organujolearen solfeo-eskolak jaso zituen. Musika ikasketak Arantzazuko Ikastetxe Frantziskotarrean eta Donostiako kontserbatorioan jarraitu zituen piano, organu, konposizio eta akonpainamentu karrerak eginez. Organu ikasketak Madril eta Parisen zabaldu zituen, azken honetan Charles Lebout-ekin. 1936ko gudak Pasaia San Pedron harrapatu zuen, bertako organujole baitzen. Guda bukatu eta gero urte asko egin zituen Madrileko Frantziar enbaxadan organujole ofizial gisa eta aldi berean kontzertu ugari eskeini zituen bai "Radio Nacional"en, bai San Jeronimo el Real eta San Marcos parrokietan eta bai El Escorialeko monastegian ere. Donostian ere zenbait emanaldi egin zituen Artzai Onaren elizan eta Santa Maria basilikan. 1954an, oposaketa bidez, Donostiako kontserbatorioko organu-katedra irabazi zuen eta hemezortzi urtez aritu zen lan horretan. "Real Academia de Bellas Artes"eko kide urgazlea izan zen.

PATRI URKIZU
Idazlea. 1946an sortu zen. Salamancako Unibertsitatean Filologia erromanikoan lizentziatua (1970) eta EHU-an Euskal Filologian doktore 1986an. Francoren diktaduraren ondoren Lezoko lehenengo alkatea izan zen 1979-1983 legealdian; Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria 1989-1993 artean; hainbat literatur lehiaketatan irabazle gertatu da, ipuin, saio eta olerki sailetan; halaber, euskal testuen editore oparoa, batez ere Ipar Euskal Herriko testuen editore. Zenbait urtez irakasle lanetan aritu da euskal hizkuntza eta literatura arloa jorratuz Bordele eta Deustuko Unibertsitateetan. 1991z geroztik UNED-eko euskal hizkuntza eta literaturako irakasle titularra da eta euskaltzaina urgazle ere bada.