Bakarraiztegi errekako isurketak ekiditeko lanak

Al, 2014-10-20 16:29

Sagasti industria-guneko Urune kalean saneamendu sarea sartzen ari dira eta bi hilabeteko epean amaituko dira lanak

Udala saneamendu lanak egiten ari da Sagasti industria-guneko Urune kalean. Saneamendu sarearekin, hainbat enpresek Bakarraiztegi errekara egiten zituzten isurketak ekidingo dira. Horixe da, hain zuzen, egitasmoaren xedea.

Lan horiek egiteko, Lezoko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako bi diru-laguntza jaso ditu, bata Agenda 21eko Tokiko Plana garatzera bideratua (37.305 €) eta bestea tokiko ekonomiak dinamizatzera (83.683 €); guztira, 120.988 € jasoko ditu.

Saneamendu lanak urriko lehenengo astean hasi ziren, eta ongi-bidean, azaroa bukatu aurretik amaitutzat egotea aurreikusten da. Saneamendu sarea jarri ondoren, isurketak egiten zituzten enpresek sarera konektatu beharko dute. Hogei enpresa inguruk egin beharko dute konexioa, eta gastuak beregain hartu beharko dituzte.

Udala uda aurretik bildu zen enpresa horiekin, azalpenak eman eta lan horiek egiteko laguntza eskaintzeko.

Isurketak, 2010az geroztik

Eguzki Talde Ekologistak 2010 urtean salatu zuen Bakarraiztegi errekara legez kanpoko isurketak egiten zirela. Lezoko Udalera eta Ingurumen Fiskaltzara jarritako salaketaren ondorio da orain egiten ari den lana.

Orduz geroztik Udala, Ingurumen Fiskaltza eta Ur Agentzia erreka kutsatzen zuten isurketa horiek ekiditeko lanean aritu dira. Hasiera batean, arazoa enpresa bakar batena zela pentsatu bazen ere, enpresa horrek 2011ko urrian bere isurketa konpondu ostean Bakarraiztegi erreka kutsatuta jarraitzen zuela ikusi zen. Isurketen jatorria zein zen ezagutzeko ikerketa lanak egin ziren, eta Urune kalean saneamendu sarea falta zela eta ikusi zen. Horregatik, bertan dauden enpresa guztiek isurtzen zuten errekara.

Saneamendu sarea sartzeko lana garestia da, eta finantziazioa lortu arte itxaron behar izan da. Lanak bukatua, Bakarraiztegi erreka kutsaduraz libre geldituko dela espero da.  

Arloa edo saila