Elikadura jasangarria landuko dute Lezoko ikasleek

Or, 2014-10-24 10:15

Horrela  iragarri zuten joan den asteartean udaletxean ospatutako foroan

Joan den asteartean, hilak 21, ikasturte honetako Eskolako Agenda 21en lehen foroa ospatu zuten Lezo Herri Eskola, Lezo Institutua eta Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleek. Programan parte hartzen duten 800 bat inguru ikasleen ordezkaritza bat Udaletxeko Pleno Aretoan izan zen Ainhoa Zabalo alkatearekin eta Leire Beteta Ingurumen-teknikariarekin.

2013/2014 ikasturte amaieran, Lezoko Eskolako Agenda 21 programan parte hartu zuten ikasleek kontsumo arduratsuari lotutako hainbat eskaera aurkeztu zizkioten Udalari, besteak beste: berrerabilpena eta birziklapena sustatzeko kanpaina gehiago egitea, animalia eta landare exotikoen naturan sortzen dituzten kalteak murrizteko neurriak ezartzea, ura zein energia aurrezteko eta modu arduratsuan erabiltzeko neurriak ezartzea, eta abar.

Udaleko ordezkariek eskaera hauek aztertzen jardun dute uda garaian eta, astearteko foroan honakoa jakinarazi diete ikasleei: gaikako bilketan ikasleek duten garrantzia; Olatzar erreka bazterrean (Baratza Parkearen ondoan) anfibioen berreskurapenerako putzua egin dutela eta aurki bisitatzeko aukera izango dutela; energia-eraginkortasuna handitu eta argi-kutsadura murrizteko neurriak ezartzen ari direla; auzo-konposta egiteko kanpaina abian jarri dela herriko 6 guneetan.

Honez gain, azaroaren 29an Kontsumo Arduratsuaren 3. Azokaren antolatze-lanetan ari dela Udala eta eskolek ere bertan leku izango dutela iragarri dute udal ordezkariek.

Maskota berezia
Ikasleek, beren aldetik, ikasturte honetan Elikadura Jasangarria landuko dutela iragarri dute. Aurtengo gaia lantzen laguntzeko, gainera, maskota berezia izango dutela aurreratu dute: Superberengena. Ikasturtean zehar egindako lana eta emaitzak Udalari aurkeztu asmoz, maiatza aldera berriz ere udaletxean elkartzea aurreikusten dute ikasleek.

Dagoeneko eskarmentua dute Lezon, izan ere aurtengoan zazpigarren urtea da Lezoko Udalak eta ikastetxeek Eskolako Agenda 21 programa garatzen dutena. Honez gero, ura, energia, hondakinak, biodibertsitatea eta kontsumo arduratsua aztertu dituzte eta, bai eskolan, herrian, zein etxean, hainbat alderdi hobetzeko beharraz jabetuta, urtez urte, hainbat konpromiso hartu dituzte.
 

Arloa edo saila