Euskararen Nazioarteko Eguna

Al, 2014-12-01 09:46

Udalak bandoa kaleratu du, eta ospakizunaren harira antolatu den Kantu Saioan parte hartzeko deia luzatu die

Datorren asteazkenean, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Lezoko Udalak ospakizuna eta aldarrikapena uztartu nahi ditu eta hainbat ekimen abiarazi ditu, horietako batzuk urteko gainontzeko egunetara luzatuz. Eta horretarako hiru puntutako bandoa kaleratu du, hurrengoa jakinaraziz:

  • Lehenengoa: Abenduaren 3tik abenduaren 10era arte (Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna) udaletxean “Euskaraz bizi nahi dugu” dion pankarta koloretsua jarri eta mantenduko da.
  • Bigarrengoa: Dei egiten diegu udalerri honetako bizilagun euskaldun guztiei beraien elkarte, enpresa edo bestelako entitatean webgunea baldin badu, euskaraz jarri edo-eta aritu eta izena eman dezaten .eus domeinua eskuratu ahal izateko, euskaldun guztion artean ikusgarri eta elkar ezagutzeko gai izan gaitezen, gure hizkuntza komunitatea munduaren aurrean ager dadin. Lezoko Udalak eginda du eskaera, eta onartu zaio. Beraz, laster izango da martxan www.lezo.eus domeinua.
  • Hirugarrena: Herritarroi gogorarazi nahi dizuegu, edozein hizkuntza eskubide urratuta sumatzen duzuenean, eskuragarri dituzuela Behatokia eta Elebide web orrialdeak kexa jartzeko.

Kantu Saioa
Euskararen Nazioarteko Egunean Kantu Saio berezia izango da, Tomas Garbizu Musika Eskolako ikasleen laguntzarekin. Hitzordua Lezoko Gurutze Santuaren plazan jarri dute, 17:30ean. Udalak herritarrak animatu nahi ditu kantu saioan parte har dezaten.

Arloa edo saila