Eskola Kirola, urtetik urtera parte-hartze zabalagoa

La, 2014-11-22 10:00

8-12 adin tarteko ikasleen % 54k egiten du, eta neska kopurua gorantz doa. Jarduera euskara hutsean burutzen da

Mikel Arrutik, Migel Mari Torreak, Unai Unsainek eta Oihan Tellok ikasturte honi dagokion eskualde mailako Eskola Kirolaren datu esanguratsuenak ezagutzera eman dituzte Albaolaren Itsas Faktorian. Agerraldian, Eskualdeko kirol zinegotziekin batera Reyes Carrere goi mailako eskubaloi jokalari eta entrenatzaile ohia izan da.

Oarsoaldeko ikastetxeetan matrikulatuta dauden 8-12 adin tarteko ikasleak 2.757 dira guztira eta horietatik 1.480 ikasle dabiltza eskola kirolean, hau da, erdia baino gehiago (% 54). Horrek erakusten du datu hauen benetako neurria eta garrantzia. Azpimarratu beharra dago nesken parte-hartzea gorantz doala urtez urte, poliki bada ere. Nesken %40k hartzen du parte eskola kirolean eta mutilen %65ak.

Ikasturte honetan zehar, 137 talde osatu dira guztira (4 talde gehiago aurreko urtearekin alderatuta) eta 83 entrenatzaile arduratu dira 137 talde horien saioak gidatzeaz (18 emakumezko eta 65 gizonezko). Udalerri bakoitzean sortu diren talde kopuruak honakoak izan dira: 11 talde Lezon, 77 Errenterian, 24 Oiartzunen eta 25 Pasaian.

Nabarmentzeko da, gaur egun eskola kirola jarduera % 100 euskaraz egiten dela, urteotan guztiotan egin den lanari esker; entrenatzaileen kirol prestakuntza eta euskararen ezagutza eta erabilera ahalbidetzen baitira. Euskara sustatzeaz gain, elkarrekiko errespetua, elkartasuna eta kirol legez jokatzen ikastea bezalako baloreak oso kontuan hartzen direla azaldu dute.

Reyes Carreresen hitzetan, “neska eta mutilen arteko berdintasuna bultzatzen ari zarete nesken praktika fisikoa sustatuz eta kirol munduan bere lekua aldarrikatuz. Aurten gainera, lehengo eskaintzari arrauna, triatloia eta piraguismoa gehitu dizkiozue jarduera berezietan. Hainbat kirol ezagutu eta gustukoenak hautatzeko aukera izan behar dute haurrek. Bestalde, honi guztiari partidatara joateko auto partikularra alde batera uzteko eta bestelako garraio modu batzuk erabiltzeko egiten ari zareten ahaleginak batuz, bikain hitza datorkigu burura”.
 

Arloa edo saila